XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan dedan bezela, ertilanak ez du sortze ideal bat, eztakigun lekutik ekarria.

Idea ori edertasun absolutoa bat da Platon'en philosophiko asmoetan.

Gure iritxian, marxisten iritxian, ertilanen sorlekua gizonaren lanean dago, gizarte praxis edo pratika sozialan.

Jakiña, ertilana ez da nolanaiko lan bat.

Lan berezia, ortarako gizon laiñek egiten duten lana.

Ertilan egintzak bere gañean kondentzatzen dute erti objeto edo gauz batean (bakarra, berezia, iñor ez bezelakoa), gizarte taldeek (masas) egiten dituzten lan neurgekiak.

Ertilana eratuaz, ertilariak (artistak) erakus nola gizonak moldeatzen duen mundua eta bat-batez, bere izakera ber-bera, bere lan bidez, bere aktibitate irazarkunakin.

Ertilan momentoa, momentuni pribilejiatu bat da, argiarazten diguna nolakoak diran gizataldeen lanak jaso ditun igali ta ondorenak, bere alegin sakon ta neketsuakin.

Itxura ontakoa da ere euzko ertilana.

Bere izape edo izate-mamia bere lanetik, bere alegiñetik sortu bear du, loreak bere zumo gozoa artzen duen bezela enborra edo muskilletik, onek aidetik, eguzkitik eta lurretik bizigarriak artzen ditun bezela.

Ez dago loretzerik enborrik ta lur egokirik ez baldin bada.

Orregatik euzko ertilanak euzko gizartearen lan bidez eta istori bidez agertzen zaizkigu.

Bañan ertilana gizarte lanaren produkto edo frutua izan arren, aro baten ertilana da beti.

Ezin diteke berezi ertilana ta istoria, ertilana ta aroa.

Ertilariak bere lana irazten du aro bereziki batean, langille guztiak bezela.

Bizkai'ko Labe-Jaso'ko langilleok ez dute, adibidez, beren lanak egiten antziñako burniolatan forjariak arragu aurrean egiten zuten bezela.

Izakera ta teknika ezberdiñak dira langille eta langintza oiek elkarrekin, elkar bi aro oiek ezberdiñak dira-ta.

Ainbat gertatzen da ertilarientzat.

Ertilaria bere aroaren baldintzetan dabil, baldintz oietan irazten du, eta baldintz oietan, leen-lerroan, lanaren zatiketa eta gizarte edo sozial errelazioak daude.

Erti sentsumena aalmen sakon bat da, gizardiaren azitasunatik sortutako igali bat edo.

Literatura eta ertiek ekonomiku oñarrien estruktura-gañekoak dira.

Onek eztu esan nai ordea literatura eta ertiak oñarri gañean juxtu, zuzenki, doiki pareatzen dirala eta bere igitze edo mugimendu ixtante berdiñekoak dirala ekonomiku aldapenarekin.

Ez du esan nai ere ekonomiku oñarri bat aldatzen danean eta oneri jarraitzen gizarte erakunde zaarrek beste berriei lekua uzten ba diete, simultaneki edo bat-batean literatura ta ertiek bide ori artzen dutela.

Baño ezberdintasun ori arkitzen ba degu ez dio orrek garrantzirik kentzen materialismo marxistaren erakusgaiari.

Literatura ta erti batei illetako kanpaia jotzeko ordua laister datorkiola esan genezake, sortu zan onarri ekonomiku eta sozialak aldatu diranean, oñarri berrietan gizarte aktibitateak jarraitzen asi diranean.

On Kixote'ren bizitzantzaz liburu zaldunkerian aurkako liburua izateko eratu zuen Cervantes'tar Mikel'ek.

On Kixote parragarria zan zaldun lantza eskuan zeukala, burnisoiñekuz kanpora irten zanean, bere erokeri eraz mundua zuzendu naiean.

Zergatik ziran On Kixote'ren asmoak parragarri?

Amazazpigarrengo mendean Aro-Erdiko zaldunen eraz egipen ausar, kemen ta izukoitzak egin bear zitula bere buru txoroan jaio zitzaiolako.

Mundu eta gizarte berri batean aspaldi amaitu denporetako asmoak izatea, orra nun zegon On Kixote parragarriaren zergatia.